XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oinarri orokorrak Zoologia Zoologia animalien egitura, garapena, eboluzioa eta funtzionamendua aztertzen duen zientzia da, bai eta berauen bizi-adierazpenak eta elkarrekiko eta ingurunearekiko harremanak ere.

Beraz, bada, biologiaren adar handietariko bat da, izaki bizidunen zientziarena.

Histori ibilbidea Aristoteles (K. a. 384-322), biologia zientzia bilakatu zuenez, beronen fundatzailetzat hartzen da eta berau izan zen, orain arte ditugun datuen arauera, animaliak metodikoki aztertu zituen lehen pertsona, kanpo zein barruko ezaugarriak eta bizitzeko modua kontutan hartuz.

Berorren jarraitzaileak botanika eta medikuntzaz gehiago arduratu ziren eta erromatarrek, aspektu praktikoetan interesaturik, ez zioten kasu handirik egin zientzia honi.

Salbuespen gisa, Plinioren (K. o. 23-79) Natur Historiaren zoologiari buruzko lau liburuak aipa daitezke.

Disziplina honek, ondoko mendeetan, arabiar eta ekialdeko munduan baino ez zuen laguntzarik izan, Europan, bertako aintzinate klasikoko idazkietan itsuki sinesten zenez gero, ez bait zuen lortu aurrera-pausurik egiterik.

Nahiz eta zetreriak, Erdi Aroan praktikaturiko ehiza-arteak, hegaztiekiko jakitea sakontzeko balio izan, animaliak, oro har, errakuntzez beteriko alegi munduan sartuak aurkezten ziren.

Bestiarioak dira aro honetako zoologi produkzio bakarra.

Errenasaintzak, zientzia eta artearen adar guztien bultzatzaileak, azterketak ere indartu zituen.

Leonardo da Vinci-k (1452-1519) animalien anatomi irudi bikainak egin zituen.

Halaber, Elizaren mehatxua izan arren eta Inkisizioaren aurrean beren bizitza arriskuan jartzen, XVI eta XVII mendeetako naturalistek, apurka apurka, animaliei buruzko jakitea oztopatzen zuten gertaerak argitu zituzten.

Orduandanik, aurrerapenak ugaldu egin ziren, pentsamoldearen aldaketa orokorrak eragin zituzten aspektu bereziki garrantzitsu batzu aipa daitezkeen arren.

Animalien eta, oro har, bizitzaren jatorria, biologiak oraindik ere ebazteke duen arazoa da.

Pixkanaka, animaliak, bai antzarrak bai arratoiak ere, lokatzetik sortuak ez zirela frogatu ahal izan zen, lehenagoko beste animalia batzutatik baizik, eta, era berean, Pasteur-en lanei esker (1802-1895), mikroorganismoentzat ere frogatu zen.

Hala ere, hipotesi ugari dago hasierako zelulen lehen jatorriari buruz.

Van Leeuwenhoek-ek (1632-1723) mikroskopioa asmatu zuen, eta beronek edozein organismoren oinarrizko egiturak aztertzeko aukera eskaini zuen.

1. Ohizko zooparkeak, sarri, hiritarrek basa-faunarekin duten kontaktu bakarra izaten dira, animaliak kaioletan edo esparru zabal edo ez hain zabaletan dituztelarik.

2. Akuarioetan uretako fauna ikus daiteke eta espezie exotikoen bizimodua ezagutu, inguru naturalaren antzekoa den ingurunean.

3. Zoologiaren aspektu praktiko bat bizkarroien azterketa da, min larriak (hemen filariosi edo elefantiasia) sorteraz ditzaketen neumatodo hauek kasu (Wuchereria bancrofti).